Martxel Rodriguez (Lesaka, 1990) dantzaria Led Silhouette dantza garaikide konpainia sortu eta zuzentzen du. Mugimenduaren lengoaia arakatzen eta menperatzen du.
Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE), irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialeko kooperatiba izaki, euskara eta euskal kultura sustatzen duten edota jarduera artistiko zein kulturalak garatzen dituzten pertsonak saritzen ditu urtero. Martxel Rodriguez Etxabide dantzari Lesakarrak jasoko du aurtengo saria. Ostegunean izango da ekitaldia, Iruñean, Ikastolen Elkartearen egoitzan 19:30ean.
NIE Saria 2024 emango diote “arteari eta bereziki dantzari dedikazioz eta pasioz beterik egindako ekarpenagatik”, azaldu dute antolatzaileek. Eta, hori baino gehiago, “gizatasun eredu delako, inspirazio-iturri delako eta benetako altxor ingurukoentzat”, gaineratu dute.
Ikastola mugimenduarekin izan duen lotura ere nabarmendu dute, Tantirumairu Ikastolako ikasle ohia baita eta Berako Labiaga Ikastolan amaitu zuelako derrigorrezko heziketa. Dantzarekin, bere lurrarekin eta bere jendearekin duen konpromisoa erakutsi izan du beti Rodriguezek. Egindako lana “miretsita” orain arteko ibilbidea saritzea erabaki du Nafarroako Ikastolen Elkarteak.
“Eszenatoki bat zapaltzearekin batera, bere gorputza hamaika sentsazio transmititzeko gai den hizkuntza unibertsal bihurtzen da”, aitortu du elkarteak.