Led Silhouette dantza garaikide konpainiaren gibelean dauden Martxel Rodriguez lesakarrak eta Jon Lopez madrildarrak une honekin amesten zuten. 2016an elkarlanean abiarazitako konpainiak bihar Gaiarre antzokian estreinatuko dutenaren neurriko obrak sortzeko gaitasuna izatearekin. Eta lortu dute. Epopeia garaikide gisa definitzen duten Halley obraren atzean, izan ere, 20 laguneko lan talde zabala dago: zortzi dantzari eta musika, argiztapena, eszenografia eta, oro har, produkzio handi batek dakarren alderdi tekniko bakoitzaz arduratzen den talde teknikoa.
Gaiarre antzokian estreinatuko dute obra bihar, 20:00etan. "Urduri eta aldi berean pozik" daudela aitortu du Rodriguezek gurean. Dantzari eta koreografoak lan honen sorkuntza prozesuaz hitz egin digu: "Obra honek bi garaien artean bizi den belaunaldi batetaz ari da, Halley komenta pasatzen ikusi ez zuen belaunaldi bat. Dirudienez 2060ko hamarkada arte ez da berriro ikusiko eta ez dakigu momentu horretan non egonen garen, nola egonen garen. Bi pareta horien artean, eta bi pareta horien artetik eskapatu nahian bizi diren zortzi pertsonaia aurkezten dugu. Oso abiadura azkarreko momentuak dituen obra bat da eta atmosfera nahiko hotza islatzen duena".