Gerraren eta faxismoaren aurka mobilizazioak antolatu ditu Gazte Kontseilu Sozialistak, GKS-k, asteburu honetan. Mobilizazioa, arratsaldeko zazpietan abiatuko da Gaztelu Plazatik. Leloan aipatutako gerra eta faxismoa dira GKSren ustetan “gizarte kapitalistak sortu dituen arazo nagusietako bi”.
Kalera ateratzeko hiru arrazoi edo argudio daude Gazte Koordinadora Sozialistaren aburuz: “Euskal Herrian agenda belizista eta faxismoa ez normalizatzea; mezu matxistak, arrazistak eta funtsean klasistak zabaltzen dituzten kolektiboak areagotu ez daitezela eta gazteok faxismoaren aurkako borrokan lehen lerroan egotearen beharra”.
Helburu horretan, langilegoaren indarra nabarmendu nahi izan du GKS-k, “faxismoaren eta gerraren aurkakoa den korronte hegemoniko bat martxan jartzeko edota indartzeko”. Ipar Amerikan eta Europan gerrarako borondatea dagoela salatu dute, langileen lan eskubideak okerrera doazen bitartean eta lana lortzeko arazoak gero eta handiagoak direlarik. Pobrezia orokortzen ari dela uste dute manifestazioaren antolatzaileek.
Nafarroari dagokionean, etxebizitzaren arazoaz kezkatuta agertu da GKS eta Erorien Monumentua eraistearen aldeko aldarria ere egin du, “gerra zibilean eta ondoren faxismoaren errepresioa pairatu zuten biktima eta haien familientzat iraina delako oraindik ere zutik egotea”.
Gerraren eta faxismoaren aurka manifestazioa, larunbatean izango da Iruñean. Arratsaldeko 7etan, Gaztelu Plazatik abiatuko da.
Irrintzi Plazan June Egino, Gazte Koordinadora Sozialistako kidea gonbidatu dugu mobilizazioaren aldarrikapenen inguruan hitz egiteko.