Kristina Berasain: “Munduan gatazka berriak pizten direnean dirulaguntzak murrizten zaizkie sahararrei”

Unai Lako Goñi 2025ko urt. 16a, 19:54

Saharako II. Zinema Zikloa antolatu dute Kabiak, Fisahara eta Nafarroako Filmotekak

Basamortuan itxaroten dakienari itzala iritsiko zaio, dio sahararren esaera zaharrak. Haien nortasunean ere badago itxaropenari eusteko ezaugarria. Saharar herriaren egoera latza da. 50 urte daramatzate sahararrak erbestean errefuxiatu gune batean, nazioarteko laguntzari esker bizirauten. Kristina Berasain Berriako kazetaria urrian egon zen kanpalekuetan “Biltegiak husten ari dira eta Gurutze Gorriak alarmak piztuta ditu. Inflazioak ere elikagaiak asko garestitu ditu eta errefuxiatu gune hauetan bizitzea oso gogorra da, muturreko tenperaturak pairatzen dituztelako, baita uholdeak ere, joan den irailean gertatu bezala”.

Urtarrilean zehar Nafarroako Filmotekan saharar herriaren inguruko film eta dokumentalak ikusi ahalko dira. Ostiral honetan, urtarrilak 17, Erresistentzian dauden emakumeen istorioak izeneko solasaldia antolatu dute Kabiak, Fisaharak eta Filmotekak.

Hiru dokumental ikusi ahalko dira, horietako bakoitza sahararrak bananduta dauden lurralde batean grabatuta dagoelarik. Insumisas, lurralde okupatuan kokatzen da, klandestinitatean erresistentzian dauden emakumeen egunerokoa jarraitzen du, “duintasunaren paradigma diren emakumeak”, Kristina Berasainen esanetan. Mutha filmak pertsonen kontrako minak desaktibatzen lanean diharduen emakume bat du protagonista. Mendebaldeko Saharan liberatutako lurraldean grabatuta dago. Egun ezin dira mina horiek desaktibatu, Marokok Israeli erosten dizkion droneen bitartez sahararrak erasotzen dituelako. “Ehundik gora saharar hil ditu Marokok gerrak 2020an eztanda egin zuenetik”. Running home dokumentalean, AEBn erbestean bizi izan den emakumearen historia emango da ezagutzera. Kanpalekuetan urtero egiten den Saharako maratoira bidaiatzen du eta bere jaioterria ezagutzeko aukera izango du.  Film guztiak emakumeen begiradatik grabatuak dira. Kristina Berasain kazetariarekin batera, Nazha El Khalidi, Equip Media kolektiboko aktibistak ere parte hartuko du.

Urtarrilaren 24an itxiko Saharako II. Zinema Zikloa, Saharako gazteria: okupatutako herri baten etorkizunaren oraina mahai inguruarekin. Hamada filma emango da, Saharako zinema eskolan grabatutakoa.

Irrintzi Plazan, Kristina Berasain Berriako kazetaria elkarrizketatu dugu zikloaren inguruko informazio guztia jasotzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!