Txantreako jai txikiak ospatuko dira asteburu honetan eta haiekin batera, auzoko krosa antolatu da, 32. aldiz. Helduentzako saioa eguerdian hasiko da eta ia 8 kilometroko ibilbidea izango du. Aurten, aldaketa txikiak sartu dira lasterketan, Beloso aldapako obren ondorioz. Bederatzi egunetan agortu ziren helduentzako antolatzaileek atera zituzten 650 dortsalak. Aurreko urtean baino ehun gehiago atera badira ere, berehala agortu dira. Antolatzaileak hurrengo urterako gehiago ateratzea pentsatzen ari dira. Mikel Portillo antolatzaileak dei egin du jendeari krosera gerturatzera eta giroaz gozatzera. “Dortsalik lortu ez dutenak animatzen ditugu lasterketa ikustera eta ondoren egingo den txistor jatean parte hartzera”.
Txikien lasterketa goizeko 10:30ean hasiko da eta izen ematea ordu bat lehenago irekiko da. Ume kopuruaren eta adinaren araberako kategoriak antolatuko dira ondoren.
Mikel Portillo antolatze lanetan dabil beste zazpi txantrearrekin batera eta Irrintzi Plazara hurbildu zaigu lasterketaren inguruko xehetasunak partekatzera.