'Distirak', euskal kulturaren sustraietara jotzen duen hiru ataleko obra, asteazkenean Gaiarren

Miren Mindegia Petrirena 2024ko aza. 26a, 19:34

Nazioarteko koreografo desberdinen eta konpainiaren arteko elkarlanetik sortu den emanaldia da 'Distirak', Oreka TX-en parte hartzea ere izan duena

Dantzaz konpainiak Distirak ikuskizuna ekarriko du asteazkenean Gaiarre antzokira. Emanaldia nazioarteko kolaborazio desberdinen emaitza da, kolore biziak, freskotasuna, umorea eta hausnarketa uztartzen dituen dantza emanaldi triptikoa. 

Dantzaz konpainiako zuzendari nagusi Fernando Saenz de Ugartek azaldu moduan, formatuaren helburua “publikoari halako mosaiko bat eskaintzea da, hiru sorkuntza desberdinak, hiru estiloak taularatuz”.  

Hala, Staff koreografiak irekiko du obra, edozein antzerki emanaldik ezinbestekoa duen alor teknikoaren garrantzia azpimarratzen duen Giovanni Insaudoren pieza. Ondotik, Pink koreografiak arrosa kolorearen eztanda ekarriko du, umorea baliatuz ikuslearengan galderak eragingo dituen koreografia batean.

Hirugarren piezak arrosatik berdera eginen du salto. Verdantz, Sarada Sarita koreografo holandarraren eta Oreka TX taldearen arteko elkarlanetik sortu da. Saenz de Ugartek argitu moduan, jatorri holandar-txiletarreko koreografoari euskal kulturarekiko “interes handia” piztu zitzaion konpainiaren eskutik bertan egon zenean. “Horregatik Oreka TX-ko lagunekin harremanetan jarri genuen, eta elkar ezagutza horretatik sortu zen hirugarren koreografia, arrosetik berdera igarotzen dena gure kulturaren jatorrietara jotzeko”. 

Distirak arratsaldeko 20:00etan hasiko da eta sarrerak Gaiarre antzokiaren webgunean zein leihatilan bertan eskuratu daitezke. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!