KIROLERRIA

Penaltiaren penaz

Unai Lako Goñi 2024ko aza. 25a, 16:39

Osasuna garaipen handia lortzear izan zen atzo, Vila-realen aurka. Markagailuan aurretik izan zen neurketaren zatirik handienean, baina helmuga jada begi-bistan zeukala, oso penalti zorrotza adierazi zion epaileak. Azkenean, 2-2 bukatu zen partida.

Lehiak hainbat protagonista izan zituen. Ante Budimir izan zen horietako bat: hark egin zituen Osasunaren bi golak. Azkenerako, ordea, epaileak itzalpean utzi zituen jokalariak, erabaki polemiko ugari hartu ostean. Osasuna azken hatsean zigortu zuen, Torrok aurkari bati elastikotik tira egin eta gero.

Hori bai, epailearen jarduna alde batera utzita, beren buruarekin ere haserre egon beharko lukete gorritxoek. Izan ere, alferrik galdu zuten lehen zatian lorturiko errenta mamitsua. 2-0 joan ziren atsedenera, Vila-reali argi eta garbi nagusitu eta gero. Bigarren zatiak, baina, bilakaera guztiz desberdina izan zuen, eta bukaera mingotsa. Behintzat, gorritxoek Europako postuetan jarraitzen dute: seigarren daude, 22 punturekin.

Emakumeen Osasunak, berriz, 1-1 berdindu zuen atzo etxean Atletico Madril B-ren aurka. Puntua, kasu honetan, gozoagoa da, nafarrek neurketa luzapenean berdindu baitzuten, Yiyik sartutako gol bati esker. Astea nahi baino uzta apalagoarekin bukatu dute, asteazkenean Barsa B berdindu ostean. Sailkapenean bederatzigarrenak dira; hiru puntura dituzte playoff postuak.

Horren guztiaren inguruan mintzatu dira Oier Zumarraga eta Unai Lako, Eñaut Agirrebengoaren gidaritzapean. Solasaldia hemen entzungai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!