Eneritz Furyak: "Zuzenekoetaz gozatzen ari naiz disko honekin"

Euskalerria Irratia 2024ko aza. 21a, 19:22

Musikari irundarrak 'hhh' diskoko abestiak oholtzaratuko ditu ostiralean Iruñeko Txintxarri tabernan, 20:30ean

Eneritz Furyakek (Irun, 1993) hhh bere azken diskoaren kontzertua emanen du ostiralean Iruñeko Txintxarri tabernan, 20:30etatik aurrera. Twin taldeak osatuko du emanaldia. Sarrerak aurretik eskuratu daitezke (8 euro), edo leihatilan bertan erosi emanaldiaren aurretik (10 euro). Irungo musikaria post-folk soinutik aldendu eta pop erritmoetara lerratu da gehiago diskoa osatzen duten bederatzi abestietan, elektronikaren baliabidea erabiliz. "Oso disko anitza da soinuari dagokionez, gauza, erritmo eta soinu desberdinekin esperimentatu nahi izan dut. Pianoarekin konposatu ditut abesti gehienak, eta elektronikaren baliabidea ondoren erabili dut, ekoizpenean, efektu desberdinak lortzeko". 

Emaitza, zuzenekorako ere gozatzeko parada ematen dion diskoa izan da. "Diskoa grabatzetik zuzenekoetara eramateko jauzia ez da beti gozatu izan dudan zerbait, baina kasu honetan bai, kasu honetan beste modu batera gertatu da hori. Ni ere zutik nago eszenatokian, eta publikoak beste modu batera hartzen ditu abestiak. Ez nuke esango guztiz dantzagarria denik, baina mugitzeko tartea ematen duten abestiak dira".

Furyaken lanean diziplina-artekotasuna nabaria da. Izan ere, Europako leku desberdinetara eraman duen Paisaiak proiektuan murgilduta ibili da azken aldian, diskoan bere marka utzi duen esperientzia. Diskoaren liburuxkan argitzen duen moduan, “barearen ostean, zurrunbilotik ateratzeko tresna edo aukerarik gabe, auto bidaietan telefono mugikorrean grabatutako ahots-melodiak etorri ziren saldoka, letra zatiak hor-hemen eta egongelako pianoan utzitako bertso eta akorde anti-satiriko batzuk ere bai”. Hala, esperimentazioaren, poparen, tradizioaren eta eta sintetizadoreekin jolasean emandako orduen arteko sinergia eskaintzen du HHH-k, non tematika pertsonalak eta bere belaunaldiari dagozkionak uztartu dituen. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!