Iruñeko Udalak aniztasunean eta abangoardian oinarritutako hiri-marka aurkeztu du

Euskalerria Irratia 2024ko aza. 13a, 07:14

Gaiarre antzokiko aurkezpen-ekitaldian 400 lagunek parte hartu dute eta marka berriaren balioak hedatuko dituzten enbaxadoreak ezagutzera eman dituzte

Iruñeko Udalak gaur arratsaldean hiri-marka berria aurkeztu du Gayarre Antzokian. Proiektu horren helburua da herritarrak eta gizarte-eragileak inplikatzea garaikidetasuna eta abangoardia jomuga dituen hiri plural baten proiekzioan. 400 pertsona inguru bildu dira ekitaldira, eta sortze prozesuan parte hartu duten, edo markaren hedapenean eta ezarpenean funtsezkoak izanen diren hainbat pertsona ezagunek eta taldek parte hartu dute bertan. Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak nabarmendu du hiriak, urteak joan eta urteak etorri, “topaleku gisa, kulturen bizitoki gisa” izan duen aniztasun hori. "Iruñea, betidanik eta betiko, askotarikoa izan da", azpimarratu du.

Marka berria eta haren leloa, ‘Pamplona = bagara. Iruña = de verdad’, hiriaren historiatik eta nortasunetik sortzen dira, hiriaren sustraietatik. Baina etorkizunera begira dago, eta Iruñean bizi diren pertsonen lanerako gaitasunean oinarritzen da, haien talentuan eta izaera abangoardistan. Pertsonak oinarri dituen marka bat da. Iruñeko hiri-marka berria logotipo batean irudikatzen da. Logotipo hori kontakizunaren ikusizko adierazpena da, eta "=" zeinua da haren ikusizko antolatzailea. Nortasun bisual horren bidez, Udalak hiriaren eta iruindarren egiazkotasuna eta pluraltasuna islatu nahi ditu, izan ere, herritarrek topaguneak bilatzen baitituzte, jatorria edo hitz egiten duten hizkuntza edozein dela ere. 

Iruña marka berriaren kolore-paletak hiriko banderaren berdea hartzen du abiapuntu, Iruñeko parke, berdegune eta jasangarritasun-abangoardiaren adierazgarri. Marka berriaren garapen kromatikoa Pedro Salaberri margolari iruindarraren margolanetan inspiratzen da, berde, okre, more eta granate sorta batean. 

Gainera, familia tipografiko berri bat diseinatu dute markarentzat eta hiriaren izen bera eman diote: Iruña. Sans serif da letra, tipografia humanista eta geometrikoetan oinarritua. Izaera garaikidea eta orekatua eta zenbait ezaugarri pertsonal eta esklusibo ditu, eta modu nabarmenean apustu egiten du izaera garaikide eta baikorraren alde.

Talde eta elkarteen parte-hartzearekin
Marka berri horren aurkezpena Iruñeaz eman nahi den irudiari buruzko hilabeteetako lanaren eta eztabaidaren amaiera da. Prozesu hori guztia azaltzeko, aurkezpen-ekitaldian parte hartu dute Iosune Baquedano Aldunatek (Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko batzarreko kidea) eta Javier Errea Mújicak (Errea Comunicación). Marka sortzeko prozesua azaldu dute, hiriarekiko begirada zabal eta diziplina anitzekoaren bidez. 

Udalaren izenean, ekitaldian, honako hauek hartu dute hitza: Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkariak; Uxua Domblás Ibáñez Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zuzendariak, eta José Manuel Romero Sánchez Herritarren Segurtasuneko Alorreko Polizia Komunitarioko Ataleko kideak. Guztiek Udalaren eginkizun egituratzailea azpimarratu dute hiriarekiko izan daitezkeen begirada guztiak errespetatu eta biderkatzeko garaian. 

Aurkezpen ekitaldian izan diren Iruñeko hiri-markaren garapenari lotutako kolektibo eta elkarteen artean daude, besteak beste, Adriana Eransus Azpilicueta, Aje Navarrakoa; Patxi Irurzun Ilundáin idazlea; Adriana Redín Notivoli, Aedonako gerentea; Idoia Oneca Munárriz, Errefuxiatuei laguntzeko Espainiako Batzordeko kidea, eta Rakel Arjol Echeverría, Iruñeko Peñen Federazioko presidentea. Horiek guztiek bultzada kolektiboa eman diote hiri-markaren proiektuari, eta hiriaren nortasun-ezaugarrietako hori denez, gizartearen parte-hartzea mantendu eta sustatu behar dela nabarmendu dute, kohesioa eta ongizatea bilatzen duten proiektuen bidez. 

Irudia
Markaren enbaxadoreak 
Hiri-marka berri hori ezagutarazteko asmoz, zortzi pertsonak eginen dituzte enbaxadore lanak Iruñean, lau emakumek eta lau gizonek. Hiriaren ageriko aurpegiak dira dagoeneko, beren ibilbide profesional garrantzitsuagatik, eta eurena eginen dute hiriaren eslogana: ‘Pamplona = bagara. Iruña = de verdad’.

Honako hauek dira: Joanna Artieda Vicente, gozogilea; Mai Garde Echaleku, futbolaria; Nekane Solana Arana, La Pamplonesako presidentea; Aurora Beltrán Gila, musikaria; Juan Martínez de Irujo Goñi, pilotaria; César Oroz Martija, umorista grafikoa; El Drogas, musikaria; Montxo Armendáriz Barrios, zinemagilea. Horiek guztiek irudikatzen dituzte aurkezpenean Udalak hiri-marka berriari eman nahi dizkion balioak: jende irekia, geldiezina, zintzoa, zuhurra, sentikorra, konprometitua.

Gaurtik aurrera, hiriaren kontakizunaren komunikazio- eta dibulgazio-prozesu bat abiaraziko da, dela maila instituzionalean, dela hiriko eragile sektorial eta sozialekin egindako bileren bitartez. Horrez gain, proiektuari buruzko informazio guztia biltzen duen www.marca.pamplona.es/eu plataforma abiarazi da, erakundearen webgunearen baitan. 

Elkarlaneko sortze-prozesua
2024ko martxoan hasi zen hiri-marka berria elkarlanean sortzeko prozesua, eta eztabaida-talde instituzionalen metodologiaren eta hiriko entitate eta talde guztiei irekitako parte hartzeko lantegien bidez bideratu zen. Hala, parte hartzeko prozesua mahaitan banatu zen. Lau mahai instituzional eratu ziren, honako arlo hauei lotuak: hizkuntza eta kultura; entitate turistikoak, kanpo-ikuspegia izate aldera; ekonomia; eta hiria, auzoak eta kanpoko proiekzioa. Mahai sektorialek kultura eta arte eszenikoak, aisia eta turismoa izan zituzten ardatz. 

Analisi instituzionaleko prozesuaren azken fasea Udaleko Herritarren Partaidetzako Alorrak diseinatu eta dinamizatu zuen, eta hiriko elkarte eta kolektiboen sareari zuzendua izan zen. Prozesu horretan, 1.700 entitate baino gehiagori dei egin zitzaien apirilaren 17an eta 19an Kondestable Civivoxean egin ziren jardunaldietan parte har zezaten.

Jarduketa hau PSTD Iruña SF365 proiektuaren barruan dago, eta Europako Next Generation funtsak finantzatzen du Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoen bidez. Funts horiek Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren C14.I1 inbertsioaren finantza tresna dira. Testuinguru horretan, Iruñeak 5.492.500 euroko laguntza jaso du hiru urtean "Iruña SF365” Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plana hedatu eta garatzen erabiltzeko. Plan horrek 13 jarduketatan egituratzen diren lau gai ditu ardatz: trantsizio berde eta jasangarria, energia-eraginkortasuna hobetzea, trantsizio digitala eta lehiakortasuna. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!