Olatz Beobide: "Erruak astinduta, biziberrituta ateratzen da publikoa gure antzezlanetik"

Miren Mindegia Petrirena 2024ko aza. 5a, 18:10

Olatz Beobidek, Maitane Perezek eta Nerea Arriolak emanen diote itxiera Antzerki Aroari asteazkenean, 'Olagarrua' umorezko antzezlanarekin

Olagarrua antzezlanak itxiko du Iruñeko Udalak antolatzen duen Antzerki Aroa zikloa asteazkenean. Olatz Beobidek, Maitane Perezek eta Nerea Arriolak taularatuko dute errua mintzagai duen lana, Beobidek azaldu moduan, "umorea baliatuz erruak astindu eta publikoa biziberritzea" helburu duena. Emanaldia Nafarroako Antzerki Eskolan izanen da, arratsaldeko 18:00etan.

Antzezlana Udalbiltzak ematen duen Geuretik Sortuak bekari esker sortu zen, Beobidek nabarmendu bezala: "Oso eskertuta gaude bekari dagokionez, horrek sortzeko askatasuna eta lasaitasuna eman zigulako". Euskal Herriko herri batean egonaldi artistiko bat egitea ahalbidetzen du bekak, tokian tokiko testuinguruan errotuta sortuko dena. Hala, Olagarrua-ren kasuan Zumaian egin zen egonaldia. "Argi genuen erruaren inguruan mintzatu nahi genuela, gure gizartean hain errotuta dagoen erru horren inguruan. Eta ondoren jakin genuen Zumaian olagarroaren tentakuluari hala esaten zaiola, errua, eta hitz joko zoragarria iruditu zitzaigun". 

Antzezlanean, hiru aktore herrian agertzen dira, bertako herritarren erruak astindu eta arintzeko helburuarekin. Umorea eta kirolaren energia baliatuko dituzte hiru pertsonaiek hori lortzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!