‘Juntas nos cuidamos’ elkar zaintzen dugu proiektua aurkeztu dute gaur SOS Arrazakeriak eta Berriozarko Udalak. Zaintzan lan egiten duten emakumeentzat etxebizitza duina, ongizate fisikoa eta emozionala hobetu, laguntza-sareak sortu eta autonomia handiagoa izan dezaten.
Etxe bat baino gehiago izatea da xedea. Orain arte larrialdi egoeretarako harrera gune gisa erabili izan den etxebizitza egokitu dute zortzi emakumeri elkarbizitzako aukera emateko. Egonaldiak gutxienez sei hilabetekoak izango dira eta gehienez urtebetekoak.
SOS Arrazakeriak finkatutako baldintza batzuk bete beharko dituzte emakumeek: familiarik ez izatea, etxeko eta zainketetako langileak izatea eta bizikidetzarako barne kode bat betetzeko konpromisoa hartzea. Etxe bat, espazio segurua eta duintasuna bermatu nahi du proiektuak eta horretan, proiektu aitzindaria da Euskal Herrian.