Sarean Euskaraz

Ikusi zuzenean Sarean Euskaraz jardunaldiei buruzko saio berezia

Euskalerria Irratia 2024ko urr. 14a, 08:30

Euskalerria Irratiak zuzeneko saioa eginen du gaur, 9:00etatik 11:00etara, Baluarte jauregitik, Euskarabideak antolaturiko euskarazko kultura digitalaren inguruko jardunaldien berri emateko. Emanaldia irratiz ere segitu ahal izanen da, FM 98.3an.

Euskarabideak Sarean Euskaraz jardunaldiak eginen ditu gaur eta bihar, urriak 14 eta 15, Iruñeko Baluarte jauregian. Euskarazko kultura digitalaren inguruko topaketotan 900 ikaslek parte hartuko dute, baita hainbat adituk ere.

Hitzaldi interaktiboak, lehiaketa digitalak, kontzertuak eta beste hainbat jarduera eginen dituzte, gazteek trebetasun digitalaz euskaraz lan ditzaten. Horretaz gain, sare sozialen garaiotan beren burua zein besteak ez mintzeko lanabasak eskainiko dizkiete.

Jolas Aretoa     

DBHko 4. eta Batxilergoko lehen mailako ikasleei zuzendutako jardunaldiak bi formatu uztartuko ditu VIII. edizio honetan. Partzehartzaileak hainbat eduki eskainiko dituzten hiru aretotan barrena mugituko dira:

Galdera-erantzunen jokoa da Egunean behin, bakarka nahiz taldean jokatzeko diseinatua, euskaraz. Android mugikorretan zein iPhonetan instala daiteke.

Dinamika oso erraza proposatzen du Egunean behin jokoak. Izenak berak dioen bezala, egunean behin partida bat jokatzeko aukera izango duzu. Partida bat, eta bakarra. 10 galderari erantzun beharko diozu, ahalik eta azkarren. Zenbat eta gehiago eta azkarrago asmatu, hobeto!

Erantzun zuzenen kopuruaren eta pasatako denboraren arabera, puntu gehiago edo gutxiago lortuko dituzu. Eta, horren arabera, sailkapenean gora edo behera eginen duzu, jakina.

Sailkapena, normalki, asterokoa da: astelehenetik igandera bitarteko partidak hartzen ditu kontuan. Baluarte Jauregian, ordea, zuzeneko partidak jokatuko ditugu bertan gaudenon artean lehiatzeko. Txanda bakoitzeko 3 partida bizkor eta sari bat egongo dira.

Ikas Aretoa

Gune praktiko honek 8 lantegi hartuko ditu eta, 20 laguneko taldetan banatuta, ikasle bakoitzak horietako batean trebatzeko aukera izanen du. Tailerrak dagokion sektorean eskarmentua duten profesionalek eta elkarteetako ordezkariek gidatuko dituzte. Honakoa da eskaintza:

  • Musika sortzeko, nahasteko eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala)
  • Bideomappinga: errealitatea areagotu proiekzioak objektuen geometriara doituz (Elurmaluta)
  • App Inventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios)
  • Errealitate birtualerako hurbilpena (Protomakers)
  • Gamer gela: bideo-jokoen kontsumoaren inguruko gogoeta egingo da eta euskarazko bideo-jokoak probatuko dira (Game Erauntsia)
  • Arduino – Robotika: elektronika interaktiboaren munduan hasteko (Protomakers)
  • 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu (Protomakers)
  • Argazkilaritza smartphonearekin, Instagram baino gehiago (Oier Fuentes)

Lantegien iraupenari ahalik eta probetxu handiena ateratzearren, bideo-tutorial bat aurreratuko zaie azalpenekin.

Era Aretoa

Erabileran sakontzeko pentsatutako areto honetan bi hitzaldi programatuko dituzte, bakoitza 35 minutukoa. Biek ala biek IKTen erabilera egokia egitearen garrantziaz ohartarazi eta horretarako jarraibideak azalduko dituzte. Izan ere, IKTek gero eta presentzia handiagoa dute herritarren egunerokoan, baita esparru pribatu eta intimoenetan ere.

  • Pribatutasuna Sarean (Maider Likona, Gipuzkoako Software Askea)
  • Harremanak 3.0: like bat eman (Ane Ortiz, Emaize Sexologia Zentroa)

Iruñerritik kanpoko ikastetxeen kasuan, ordea, iazko formatu erdi-presentziala errepikatuko da eduki zuen arrakasta dela-eta. Kasu horretan jardunaldia deszentralizatuko da eta ikastetxeetan antolatuko da. Bertan lantegi praktiko bana eta Moodle plataformaren bidez ikastaro birtualak antolatuko dira.

8 lantegi praktiko eskaini zaizkie eta ikastetxeek, ikasle kopuruaren arabera, bana edo bina aukeratu dituzte. Ikasle bakoitzak horietako batean trebatzeko aukera izanen du. Sektorean eskarmentua duten profesionalek eta elkarteetako ordezkariek gidatuko dituzte lantegiak. Honakoa da eskaintza:

  • Musika sortzeko, nahasteko eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala)
  • Podcast (Dj Makala)
  • App Inventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios)
  • Errealitate birtualerako hurbilpena (Protomakers)
  • Memeak: umorezko mezu sinpleak dira, kultura digitalaren ezinbesteko edukia, are gehiago nerabe eta gazteen artean (Ion Celestino)
  • Arduino – Robotika: elektronika interaktiboaren munduan hasteko (Protomakers)
  • 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu (Protomakers)
  • Raspberry Pi: plaka-ordenagailu txiki eta merkeak (Protomakers)

Lantegien iraupenari ahalik eta probetxu handien ateratzearren bideo-tutorial bat aurreratuko da azalpenekin.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!