Emakume pilotarien inguruan antolatzen den lehenengo jardunaldia da. Emanaldiak eta mahai inguruak Kaldereria kaleko 11. zenbakian dagoen erabilera anitzeko gelan izango dira eta sarrera doakoa izango da.
Performance batekin emango diote hasiera jardunaldiari, zuzeneko musikarekin. Ondoren, Arantxa Peredak Emakumezkoen pilotaren historia izenburupeko hitzaldia emango du. Astean zehar emakume pilotarien inguruan egindako dokumental, erreportaje edota telesailak proiektatuko dituzte, tartean El ocaso de las pelotaris, Carmen Sarmiento kazetariak 1978an grabatutakoa, emakumeen pilotarien inguruan grabatu zen lehenengoetako lana delarik.
Pilotari emakumeek leku berezia izango dute jardunaldian. Urriaren 9an Gloria Agirre, Txikita de Aizarna, bizirik dagoen azkeneko erraketistarekin saioa egingo da eta ostegunean berriz, Maite Ruiz de Larramendi, Ados emakume pilotari profesionalen elkarteko lehendakaria eta Iera Agirre pilotariarekin mahai ingurua antolatu dute sektorearen egungo egoeraz eztabaidatzeko eta gerora begirako erronken inguruan aritzeko.
Irrintzi Plazan Sandra Iraizoz elkarrizketatu dugu jardunaldien inguruko xehetasunak jasotzeko.