Ilargia uretan erakusketa zabaldu zuen Nafarroako Museoak ekainean, eta orain, bisita gidatuak hasiko dira. Igandero, euskarazko ibilbide gidatua egingo du Araitz Urbeltz unibertsitateko arte hezkuntzako irakasleak. Museoan bitartekaritza lanetan aritzen da eta artea gertutik ezagutzen du. Bisita igandean 11:15ean izango da eta museoan bertan eskuratu daiteke gonbidapena.
34 emakumek parte hartu dute erakusketan, besteak beste, Adela Bazo, Concha Zilbeti, Amaia Gracia, Ana Mari Marin edota Teresa Sabate. Artelanak kronologikoki antolatuta ez dauden arren, hiru belaunalditako ikuspegiak biltzen dira. Lehena, emakume aitzindariak, eta azkena, Juan Zapaterren hitzak baliatuta, BilboArte belaunaldia. Handik pasa baitira artista gehienak eta bertan garatu dute haien sormena.
55 obra erakusten dira, haien artean elkarrizketan, eta solasaldi moduan antolatuta. Mito klasikoan dute abiapuntua eta Ariadnaren haritik tiraka bezala obrak kokatzen dira museoko aretoetan zehar: Narciso, Fauno, Argos, Ikaro, Hades, eta azkena, epilogoak.