Iruñeko Udalak antolatzen duen Musika Aretoak Kalean zikloa asteazken honetan amaituko da Canalla aretoaren eskutik datorren Ezpalak taldearen emanaldiarekin. Zestoarrak bere bigarren diskoaren biraren azken kontzertuak ematen ari dira, Eñaut Gaztañaga taldekideak argitu moduan: "2022an plazaratu genuen Hortz aina hots, bi urteko bira luzea izan da eta tartean plazaratu dugu beste diskoren bat, lagunartean egindakoa; baina egia da zikloa ixteko garaia heldu zaigula".
Hala, Iruñeko kontzertuaren ondoren, Ezpalakek zortzi kontzertu gehiago emanen ditu, horietako hiru Euskal Herrian bertan, Mallabian, Bilbon eta Gasteizen, eta gainontzekoak bertatik kanpo. Iruñekoa guztien artean doakoa izanen den kontzertu bakarra izanen da.
2019an sortu zen Ezpalak taldea Zestoan, beste musika taldeetatik zetozen musikarien artean. Izen bereko lehenengo albuma kaleratu ondoren, 2021ean Kolpatu topatu diskoa argitaratu zuten eta haren ondotik iritsi zen hirugarrena, orain biran duten Hortz aina hots. Artean, iaz, Lagunekin zuzenean disko berezia atera zuten ere. Gaztañagak argitu moduan, dagoeneko prest dute oraindik labetik atera ez den hurrengo lana: "Disko berria prest daukagu, lehenengo singlea udaran atera genuen, beste bi bidean ditugu, eta Durangoko Azokarako Gatza izeneko disko berria plazaratuko dugu".