“Urte askotan egin dut korrika, baina geroz eta zailagoa dago”, aitortu du Izagirrek. Sasoi onean egon behar dela azaldu du, “baina batez ere, ongi izan behar da burua. Jakin noiz egin lasterka eta non sartu, teknika behar da”.
Merkadereseko bihurgunea igaro eta metro batzuetara hasten da lasterka Izagirre, Estafeta kaleko lehen metroak ditu gustuko. “Lehen, entzierroa bitan zatitzen zen tarte horretan” eta horri esker, korrika egiteko tartea zuten korrikalariek tarte horretan. Hala ere, azkenaldian ez du entzierroan parte hartu, onartu duenez, antzinako entzierroak nahiago baitzituen; “zezenak banan-banan doazenean lasterketa egiteko aukera gehiago dago eta arrisku gutxiago ere”, azaldu du.
Entzierro zalea, baina lanbidez arkitektoa da. Iruñeko Udaleko Hiri Bizigarria eta Etxebizitxa. Proiektuko eta Mugikortasunako eta Hiri Kontserbazioko eta Osasunako Zinegotzi Ordezkaria da. Eta azkenaldian Iruñean bor-bor dagoen gaia izan du hizpide Sanfermintzan: Erorien monumentua. “2019an sartu nintzenean ez zegoen eztabaida hori mahai gainean eta gobernu aldaketarekin orain, berriz zabaldu da eztabaida”. Hala ere, erabakia ez da erraza, “ideologia ezberdinak daude gobernuan, eta gehiengo bat behar da”. Gainera, “erorien monumentua babestutako eraikina da, beraz ezin da edozer egin”.