SANFERMINAK 2024

Maria Solana: “Elkarbizitza norberak ere landu behar du paperetik haratago”

Euskalerria Irratia 2024ko uzt. 10a, 11:55

Geroa Baiko foru parlamentaria Sanfermintza saioan izan da bere sanferminetako kronika laburra egiten eta, besteak beste, bizikidetza, gardentasuna, hezkuntza eta euskara izan ditu hizpide.

Elkarbizitzarako deia berretsi du aurtengo sanferminetan Iruñeko Alkateak udal talde guztiekin batera. Adostasuna sinatu dute sanferminetan eta paperetik haratago eramaten gai izan direla nabarmendu du Solanak. “Ikusi dugu zenbat lan dagoen egiteko eta bizikidetzaren aldeko apustua praktikara eramatea da horietako bat”, azaldu du. Aurrerapausoak eman diren arren oraindik ere jorratu behar den arloa dela dio, “paperetik atera behar dena eta norberak landu beharrekoa taldean nabaritzeko”. 

Non jartzen den muga eta zer den iraingarria, hori da beste erronketako bat. “Denok ez dugu berdin ulertzen gertatzen dena ezta horri eman behar zaion erantzuna, eta horrekin beldur naiz”, aitortu du Solanak. Politikaren gardentasuna eta politikarien bizitza pertsonalaren mugak ere izan ditu eztabaidagai Geroa Baiko bozeramaileak. Hala ere, “sanfermin ugari” dagoela nabarmendu du Solanak, sanferminak familian gozatzen ari da eta.

Bestelako kontuak ere izan ditu mintzagai Sanfermintzan, hezkuntzaz aritu da. “Lasaitu gaitu jakiteak Alaitzek mantenduko duela zegoen bigarren lerroa”, azaldu du. Izan ere, akordio programatikoan sinatua baitago eskola publikoaren aldeko apustua eta euskara eskolan ere sustatzen ahaleginduko dela Nafarroako Gobernua. Eta, Solanak adierazi bezala bigarren lerroa ez mantentzea, “horren kontra egitea suposatzen zuen”. “Pentsatu nahi dut OIbarren ere albiste onak jasoko ditugula eta berandu baino lehen argituko dela”, gaineratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!