Gazteluko Plaza beteko duen egitarauaren eskutik, asteartean Gorka Urbizuren txanda izanen da. Musikari lekunberriarrak urte hasieran plazaratu zuen bere lehenengo bakarkako lana, Hasiera bat, eta aurkezpen bira betean dabil orain.
Bira horren eskutik, Euskal Herriko areto garrantzitsuenetatik bakarrik ez, eta Latinoamerikako hainbat tokitatik ere igaro da. Azken egun hauetan, Resurrection Fest (Viveiro, Lugo), Mugaku Fest (Viana) edo EHZ (Arberatze) bezalako jaialdietan ere ibili da, beraz bere zuzenekoa aretoetatik kalera ateratzeko parada ere izan du: "Hasieran zalantzak nituen zuzenekoak kalean jotzearekin, beldur txiki batzuk banituen, baina oso ongi joan dira orain artekoak".
Sanferminetara, beraz, "dena ematera" datozela aurreratu du. Diskoaren ekoizpenaz arduratu ziren Jordi Matas eta Joan Pons musikariez gain, Amaia Miranda gitarra joleak eta Mariana Mott bateria joleak osatuko dute oholtza gaineko boskotea.
Urbizuren kontzertuarekin batera, Melenas taldearen emanaldiak osatuko du asteartean Gaztelu Plazako egitaraua.