Zezenketarik gabeko sanferminak hurbilago daudela iritzi dio Iban Agerri Iruñea Antitaurina elkarteko kideak. Urtero bezala, aurten ere uztailaren 7an Iruñeko Alde Zaharreko kaleetara aterako dira, kalejiran, "sanfermin etikoagoak eta bidezkoagoak" aldarrikatzera, arratsaldeko 19:00etan.
Urtetik urtera gero eta jarraitzaile gehiago dituen kalejira da Iruñea Antitaurinak antolatzen duena, Agerrik azpimarratu bezala. "Datuek ere hala diote, biztanleriaren gehiengoa zezenketen kontra dago, baita Iruñean ere". Bestak zezen bat ikusi gabe igarotzen duen jende asko ere badagoela adierazi du Agerrik.