Mariskotarrak garai baten azken lekukoak dira. Kontrabandoa bizibide zen garaiarenak, herrira ailegatzeko 4 ordu behar ziren hartakoak, baserria familia osoaren etxe eta lantoki zenekoa. Dagoeneko existitzen ez den garaia den arren, etorri denari eta datorrenari egokitzeko gaitasuna erakusten dute, lasaitasun harrigarri batekin. "Ez dira kexu, irribarre batekin kontatzen dizkizute euren bizitzako zailtasunak". Hori dio Andres Salaberri zinemagile iruindarrak, bihar Nafarroako Filmotekan aurkeztuko duen Ardiak, ezkontza eta kontrabandoa filmaren inguran.
"Filma Mariskotarren erretratu bat da, Baztango bailara honetan, mendi artean aurkitzen den baserri batean bizi den familiarena". En Buen Sitio ekoiztetxearekin egindako 17 minutu inguruko film honek ez du "igarotako garai baten isla" izan nahi, izateko modu batena baizik, zuzendariak argitu bezala. "Familiako kide batek adierazten duen bezala, sobera kexatzen gara orain, eta arrazoia du, oso ongi bizi gara eta kexa sobera ditugu".