Eskertzeko hitzak aurkitu ezinik. Halaxe agertu da Aritz Ibañez Lusarreta, Duguna udal dantza taldeko egungo zuzendaria, jendeak egunotan erakutsitako babesarekin. Bere 75. urteurrenean, hiriaren sinbolo den dantza taldea izango da uztailaren 6ko suziria piztuko duena, "berez borobila izaten ari den urteurrena are gehiago borobilduko duena". Une gogoangarri horrek Duguna bakarrik ez eta euskal dantza jarriko du erdigunean, denen begitara, 2024ko Sanferminetako tarte ikusgarrienetako batean.