‘Flop Kultura’ bideopodcastak Laban eta publikoarekin eginen du denboraldiko azken saioa

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko mai. 22a, 10:27

Eneko eta Danel, denboraldiko lehen saioan.

Euskalerria Irratiak ekoizturiko Flop Kultura podcasta Iruñeko Laba elkartean eginen dute maiatzaren 30ean, 19:00etan hasita eta publikoarekin. Gonbidapenak 18:00etatik aurrera banatuko dituzte, Laban bertan, amaitu arte. Luxuzko bi gonbidatu izanen dituzte: Pello Reparaz eta Euskoprincess.

Reparaz, proiektu berri batekin

Pello Reparazek primizia bat emanen du elkarrizketan, proiektu berri bat iragarriko baitu. Bestalde, Labara joanen da baieztatu berritan uztailaren 8an Gazteluko plazan bertan joko duela, sanferminetako oholtza nagusian.

Euskoprincess, Zikuñagako glamourra

Euskoprincess artista hernaniarra oso denbora gutxian itzal handia lortzen ari da Euskal Herriko hiri musikaren eszenan. Duela urtebete karrikaratu zuen bere lehen kantua, Rivers Zk ekoizturiko Lehendakari. Jarraian, lehen EPa heldu zen: Hollywood star system. Hau da, Hollywooden bertsio glamourrez betea, Hernaniko Zikuñaga auzoan sortua. Hortik abiaturik, bere ikuskizunetan oso giro berezia sortzen du, energiaz eta askatasunez beterik.

Eneko eta Danel, bigarren denboraldirako prest

Euskalerria Irratiak ekoizturiko Flop Kultura saioak bigarren denboraldi bat izanen du. Eneko Garciak eta Danel Pascualek egiten dute saioa, hurrenez hurren Albina Stardust eta Divina Comedia drag queenen gibelean dauden artistek. Haien hitzetan, “bi trabesti eszeptikoren pop kulturaren inguruko ikuspuntua” ematen dute saioan. Lehen denboraldian 35 saio egin dituzte, arrakasta handiz, eta, besteak beste, Izaro, Yogurina Borova eta Ane LIndane bezalako gonbidatuak izan dituzte. Irailean itzuliko dira, saio eta gonbidatu gehiagorekin.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!