E28J plataformak, Iruñerriko LGTBI+ kolektiboko kide eta mugimendu desberdinak biltzen dituen taldeak, egitarau zabala prestatu du LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren karietara. Plataformako kide Kiran Bhattik eta Jaione Martinez de Irujok azaldu moduan, izan ere, "horrelako egunak antolatzen jarraitzea, tamalez, beharrezkoa da oraindik ere". Eskubideetan nahiz legedian aurrera egin bada ere, gizarte mailan egiteko dagoen bidea luzea da oraindik. "Azken aldian Iruñerrian izan diren gorroto eraso homofoboak ikustea besterik ez dago horretarako".
Ostegunean, maiatzak 16, Autodefentsa LGTBIQA+ disidente tailerra emanen da Auzotegin, Txantrean, 17:00etatik 20:00etara. Martinez de Irujok argitu moduan "doako tailerra izango da, nortasun, adin eta LGTBIQA+ korporalitate disidente guztientzat, eta gune irisgarri eta seguruan egingo da". Ostiralean aldarrikapenetarako eta borrokarako eguna izanen da. "Kaleak hartuko ditugu Baratxurien plazatik abiatuko den manifestaldi batekin, arratsaldeko 19:00etatik aurrera". Manifestaldiaren ondoren, Piparrikan otamen txiki bat egonen da eta egunari amaiera emateko, Antzina tabernan besta bat eginen da. "Gure aldarrikapenak besta gunera ere eraman nahi ditugu, hori ere badelako borroka gune bat, eta plazera ere badelako gure eskubidea".