Nora goazen jakin gabe lehenengo diskoa plazaratu zutenetik hainbat oholtzatan aritu da Lilo talde iruindarra eta, gutxinaka, espazioak irabazten joan da euskal eszena musikalean. Talde gisa ere segurtasunean eta sendotasunean aurrera egin dutela nabarmendu dute taldeko abeslari eta sortzaile Maria Mateok eta konpositore eta abeslari Pello Iturriak. Gaur, Iruñeko Udalak antolatzen duen Kantu eta Hitza zikloaren eskutik Erraldoien Txokoan arituko dira, 20:00etatik aurrera.
Biek ala biek aitortu moduan, gaurko kontzertua "ziklo baten itxiera" izanen da. "Diskoak ez badu bide oso luzea egin ere, sentitzen dugu kantu berriekin jolasteko gogoa dugula, gauza berriak egitekoa". Izan ere, taldeak 2020an ekin zion bere bideari, hain zuzen ere pandemiak kultura eszena izoztu zuen unean. Halabeharrezko geldialdiaren ondoren, 2022an ekin zioten berriz taldearen dinamikari, dagoeneko denboratxo bat bazeukaten abestiei berriro helduz. Diskoa grabatu, kaleratu eta jendarteratu ondoren, hala, bidean urrats gehiago emateko gogoz dago Lilo.