Etxebizitza-espekulazioa izanen dute mintzagai larunbat honetan Iruñeko Plazara elkartean eginen den mahai-inguruan, Nahiko taldeak antolatuta. Solasaldian, AZET Bilboko etxebizitza sindikatuko, Donostiako BiziLagunekin elkarteko eta Iruñeko Haritu elkarlaguntza sareko kideek parte hartuko dute eta sarrera irekia izanen da.
11:00etan burutuko da mahai-ingurua eta horren ondoren, 13:00etan, "ibilaldi turistiko gidatua" eginen da, Nahiko taldeko kide Asier Cabodevillak argitu moduan, "Alde Zaharrean dagoen egoera bizilagunek euren begiekin ikusi dezaten". Izan ere, "etxebizitza espekulatiboak eta turistifikazio masiboak ez du soilik etxebizitzaren arloan eragiten, komertzioari edo zerbitzuei ere eragiten die. Gero eta pisu turistiko gehiago, bizilagunentzako gero eta komertzio eta zerbitzu gutxiago".