Mendialdia 24 egiten ari dira Berriozarren apirilean zehar, ostegunero. Berriozarko BKE mendi eskolak antolatzen du euskara hutsean eskaintzen den zikloa. Mendiko proiekzioak, mahai inguruak, hitzaldiak, tailerrak eta irteerak antolatu dituzte. Gaurkoan, 212 Mountains film dokumentalaren emanaldia, hitzaldia eta mahai ingurua izanen dira Zulo Alai elkartean, arratsaldeko 19:00etan.
Xabier Zarranz mendi lasterkaria da eta gaur pantailaratuko duten 212 Mountains film dokumentalaren protagonista era bada. Txirrindulari ohia da Zarranz eta bizikleta alde batera uzteko erabakia hartu zuenean, bere gorputza beste era batera trebatzeko grinak bultzatuta, mendi lasterketen munduan murgildu zen eta “engantxatu” zen. Argi dauka Zarranzek: “Mendian korrika egiteak mendiak ematen dizun lasaitasun hori dauka, baina aldi berean ere, asko gustatzen zaigun gorputz-estutzea dauka… oso sentsazio polita da”.
Mendi lasterketa bat definitzea erraza dirudien arren, Zarranzek aitortu du ez dela horren erreza, “badaude sentimendu pila atzean, baina finean korrika ibiltzea ahalkik eta azkarren eta disfrutatzen da; eta hori zailena da”. 60 kilometrotik gorako lasterketak dira Ultra lasterketak eta horiexek maite ditu Zarranzek. Distantzia luzeak egiteko “karga genetiko ona” beharrezkoa dela azaldu du, baina hala ere, garrantzitsuena “gorputza eta burua trebatzea” dela dio; “gorputza ohitzen doa eta orduantxe lortzen duzu gozamena, disfrutatzen duzu”.
212 Mountains filmean mendi lasterkak ezagutzeaz harago, ikusteko aukera izanen da. Luis Arrietak zuzendu du ikus-entzunezkoa eta Arrieta eta Zarranz, biak ala biak izanen dira gaur 19:00etan Zulo Alai elkartean, filmaren emanaldian. Eta ondotik. 'Trail-running-aren gorakada eztabaidagai. Norantz goaz?' mahai ingurua izanen da, Xabier Zarranz, Oihana Azkorbebeitia eta Asier Labairurekin, Unai Ugartemendiak moderatuta.