Mikel Oteiza (Atarrabiako alkatea): "Uholdeen aurrean neurriak hartu ditugu eta datorrena datorrela prest hartuko gaitu"

Euskalerria Irratia 2024ko ots. 27a, 10:37

Emergentzia plana atzotik aktibatu zuten Atarrabian eta herritarren erantzuna azkarra izan da. Uholdeen kalteak murrizteko planean lanean ari dira oraindik, baina, etorkizunean etorriko diren uholdeetara egokitzeko prest egongo direla adierazi du Mikel Oteiza alkateak Metropoli Foralean.

Saltokiek, tailerrek eta bestelakoek haien neurrika hartu zituzten jada atzo, azaldu du Mikel Oteiza Atarrabiako alkateak. Udaletik jada atzo hartu zituzten hainbat neurri pasealekua eta arrisku handiko hainbat eremu itxi zituzten eta emergentzia plana aktibatu zuten. Beste behin ere, "herriak oso ongi erantzun du".

Hirugarren legegintzaldia du Oteizak Atarrabian eta laugarren uholde arriskua izan da aste honetakoa. "Lehen 15-20 urtean behin gertatzen zirenak, orain, ia urtero gerta daitezke", aitortu du Oteizak. Kezkaz gaineratu du, "2021eko abendukoa bortitzena eta larriena izan zen arren, egokitu beharko gara eta planak sortu kalteak gutxitzeko; klima aldaketaren ondorioz, gertatzen jarraituko du". 

Geroa Baik 2021ean Ultzama ibaiak Atarrabian eragin dezakeen uholdeen kalteak murrizteko plana adostu zuen Madrilen. Plan horretan Atarrabiari egokitzen zitzaion aurrekontuaren zati handiena uholdeek herrian eragindako kalte handien ondoren ingurumena berreskuratzeko eta hobetzeko plan bat sortzeko.

Neurri zehatzen artean, San Andreseko zubia eraistea, kutsatutako lurzoruak kentzea, oinezkoentzako pasabidea eta ibaiertzeko ingurumena lehengoratzea aurreikusten zen. Oteizak aitortu duenez, lanean ari dira, "baina, plan horrek sekulako lana eskatzen du aldez aurretik, administratiboki pauso asko eman behar dira; espero dugu urte honetan obrekin hastea".

Hala ere, unean uneko beharretara egokitzeko prest daude uholdeen arriskua dagoen honetan. "San Andres zubia oraindik ez dugu itxi baina goizean zehar itxiko dugu, poliki bada ere, oraindik ibaia igotzen ari delako eta une oro gaude prest edozein erabaki hartu ahal izateko", azaldu du Atarrabiako alkateak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!