Dagoeneko 35 urte igaro dira Urtz taldeak lehen akordeak eman zituenetik Pasaia eta Donostia arteko mugan kokatutako entsegu-lokal batean. Urteak igaro arren taldea beti bezain kementsu itzuli da eszenatokietara, lau urteren ondoren disko berria plazaratuta. Esnatzean izenburupean argitaratu den zazpi abestiko lanak taldeak egun bizi duen unea islatzen du, Xabi Camarero abeslariak argitu bezala, “barnera begiratzeko eta inguruan gertatzen ari dena ahaztu gabe norbere baitan biltzeko unea”, hain zuzen ere.
Disko berriaren aurkezpen biraren baitan, martxoaren 15ean izanen du taldeak hurrengo geldialdia, Iruñeko Zentral aretoan. Abesti berriez gain, taldearen ibilbidean mugarri izan diren "abesti mitikoenak” entzuteko parada ere izanen dela argitu digu Camarerok.