Giza eskubideen inguruan hitz egin eta iritzi kritikoa pizteko bidea ematea. Horiek dira IPES elkarteak, Felipe Rinaldi Fundazioak eta Mugarik Gabe Nafarroa GKE-ak elkarlanean antolatutako Ahotsak eta begiradak zikloaren bigarren edizioaren helburuak. Hartara, herrialde desberdinetako hizlariak bilduko dituzte gai horren bueltan solas egiteko.
Astelehenean, 19:00etan, Yayo Herrero aktibista ezagunak ipar globala izanen du aztergai, Desde el norte global izenburupean, Maite Bidartek gidatuko duen saioan. Hitzaldia Iruñeko Kondestablearen jauregian izanen da.
Asteartean, 19:30ean, Ekialde ertainera eginen du saldo zikloak. Jaldia Abubakra (Palestina), Necibe Qeredaxi (Kurdistan) eta Nilufar Saberi (Iran) aktibistak bilduko dira mahaiaren inguruan, Amaia Zufiak dinamizatuta. Kasu honetan, saioa IPES elkartearen egoitzan kokatzen den Silvia Fernandez Viguera liburutegian izanen da.
Asteazkenean Cuando las aguas se jundan dokumentala proiektatuko da, Iruñeko Golem Baiona zinemetan. Margarita Martinez zuzendariarekin bideo-dei bidez hitz egiteko parada izanen da, eta Maria Isabel Covaleda eta Alexandra Bermudez Iruñeko kolonbiar kolektiboko kideek Nerea Madariagak gidatuko duen solasaldian parte hartuko dute.
Azkenik, ostegunean Guatemalako egoera izanen du hizpide Saqb'ech Perez Lopez aktibista gazteak, arratsaldeko 19:00etan, Silvia Fernandez Viguera liburutegian bertan.