Balizko zentsura mozioaren inguruko zurrumurrua gero eta ozenagoa da. Oso litekeena ematen du Iruñeko Udala Madrilgo PSOEren eta EH Bilduren arteko negoziazio mahaian presente egoteak. Atzo bertan, konparaziora, Iruñeko PSNren udal taldearen bozeramaile Elma Saizek esan zuen Iruñeko udalean egoera “jasanezina” dela, eta “pazientzia agortzen ari” zaiela.
Fernandezen aburuz, “bistan da bidea prestatzen ari direla, Sanchezek Espainiako Gobernua osatzea lortzen badu, zentsura mozioarekin aurrera egiteko”. Haren irudikoz, “Iruñean eta iruindarrek ez dute merezi beste zortzi urtez pairatzea halako udal aginte talde bat, edozein proiektu aurrera ateratzeko ezgauza”. Joxerra Senar iritzi berekoa da: “Oso logikoa litzateke Iruñea negoziazio horietan presente egotea”.
Bestalde, PSNko goi kargudun batek, joan den astean, kazetari batzuekin solasean, off the record, esan zuen Ibarrolak iraungitze data duela alkate moduan: urtarrila. Beste zantzu bat: Euskalerria Irratian balizko zentsura mozioaz galdetuta, Geroa Baiko eledun Koldo Martinezek oso erantzun adierazgarria eman zuen: “Zentsura mozioa Madrildik iristen bada, Iruñea eta Nafarroa ez dira subjektu politiko izanen baizik eta objektu”. Martinezek berak aipatu zuen erabakia Madrildik iristeko aukera, ez kazetariak.