“Baikortasun aktiboaren militantea naiz, baina une honetan gauzak zail daude eta ez dirudi aldatuko direnik”, adierazi du Koldo Martinezek Metropoli Forala saioan.
Bihar 12:00etan da eratzekoa Iruñeko Udala., eraketa saio horretan alkatea hautatuko dute, eta indar aurrerakoiek gehiengo osoa badute ere, UPNko Cristina Ibarrolak bereganatuko du aginte makila, zerrenda bozkatueneko buru moduan.
PSNko parlamentuko eledun Ramon Alzorrizek atzo esan zuen oraindik badirela aukerak hirugarren bide bat zabaltzeko eta Koldo Martinez alkate izateko. Horretaz galdetuta, argi mintzatu da Martinez: “Oraindik ez dut neure burua alkategai aurkeztu”. Hori egiteko bete beharreko baldintza argi dauka: “Udaleko lau indar aurrerakoiak ados egon beharko lirateke”. Baina, salatu duenez, “lau indar horiek oraindik ez dira elkartu negoziatzeko eta adostasuna bilatzeko”.
PSN ez dago prest Joseba Asiron alkategai aurrerakoirik bozkatuena sustengatzeko. Halere, alderdi sozialistaren jarreran aurrerapen bat dakusa Martinezek: “PSN pixka bat mugitu da; izan ere, hasieran Elma Saizek zioen bere buruari emanen ziola botoa, eta orain beste indar bati emateko prest dago”, azaldu du. Dena dela, gehiago behar dela azpimarratu du: “Ez da aski”.
EH Bilduk Joseba Asiron alkategai moduan aurkeztuko du, hirugarren bideei bizkarra emanda. “Erabaki hori hartzea guztiz zilegia da”, esan du Martinezek. Haatik, zenbaiten jarrera kritikatu du: “Batzuek diote ekainaren 18tik aurrera sekulako elkarlana eginen dugula oposiziotik. Ez dut ulertzen zergatik 18tik aurrera bai eta 16an edo 17an ez”.
Gauzak horrela, aldaketarik ezean, bihar Geroa Baiko bi zinegotziek Joseba Asironen aldeko botoa emanen dute, baina azken minutura arte ez ei dute etsiko: “Gu azken unera arte saiatuko gara gauzak aldatzen, aldaketarik ezean beste lau urtez alkate atzerakoi eta euskarofoboa izanen baitugu. Ezin dut ulertu, ezin dut onartu. Gu ez garelako dira. Eta direlako izango dira”, gaineratu du.