Elma Saiz PSNko Iruñeko alkategaiak bere hautagaitza aurkezteko asmoa iragarri du gaur goizean Geroa Bairi eta Zurekin Nafarroari deituko ziela iragarriz. Eta arratsaldean, Joseba Asiron EH Bilduko alkategaiak defendatu du EH Bilduri dagokiola, indar "aurrerakoi" bozkatuenari, akordio baterako negoziazioen buru izatea eta UPN gainditzeko zein alkatetza eskuratzeko alternatiba bat osatzea, izan ere, "printzipio demokratikoa da indar aurrerakoi bozkatuenak agintea hartzea".
Asironek adierazi duenez, EH Bilduk ez du Iruñeko alkatetzatik kanpo utziko duen formularik aurreikusten, hautesleen % 27 ordezkatzen dute eta; "inork ez dezala proposatu hirugarren biderik”, berretsi du Asironek. "PSNri dagokion bezala Nafarroan lidergoa hartzea, EH Bilduri dagokio Iruñean lidergoa hartzea", hain zuzen ere, “aniztasunaren isla izan behar du gobernuak, baita gobernu batzordeak ere”, adierazi du EH Bilduko alkategaiak. “Eskuzabalak” izango direla nabarmendu du, "posible da Iruñean Gobernu aurrerakoia osatzea".
Datozen urratsak “diskrezio osoz” eta “leialtasunez” emango dituztela adierazi du Asironek, eta "bide guztiak uztartuko ditut gobernu aurrerakoia osatzeko", hirugarren bide horiek “eskuineko gobernura eramaten baitute ezinbestean”, gaineratu du.
Zazpi auzotan izan da lehen indar izan den arren, 700 boto inguru falta izan zaizkio EH Bilduri 9 zinegotzi izateko eta Iruñean hazi den indar bakarra izan dela azpimarratu du Asironek. Era berean, une honetan "Udalaren pantailan” gaudela nabarmendu du eta “ordezkagarritasunaren oinarrizko printzipio demokratiko horretara joko dugu", ziurtatu du eta alkategaiak baieztatu duenez "negoziazioaren esparruan azken minutura arte" iraungo dute; "lehen urratsak" eman ditu "gainerako indar aurrerakoiekin harremanetan jartzeko".