M28 udal eta foru hauteskundeak

Saizek ez du Asiron babestuko, “inposizioa” aitzakia

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 30a, 17:04

  • Ez du zehaztu nola eskatuko dion EH Bilduri bera alkate izendatzeko.
  • Geroa Baiko eta Zurekin Nafarroako hautagaiak deituko ditu Saizek.

Elma Saiz PSNren Iruñeko alkategaiak hiriko Udala "gidatu" nahi duela adierazi du, eta horregatik "gaur bertan" Koldo Martinez eta Txema Mauleon Geroa Baiko eta Zurekin Nafarroako hautagaiak deituko ditu, udal gobernu bat "eraikitzeko". "PSN Iruñeko Udaleko buru izateko aurkeztu zen, ez Cristina Ibarrola (UPN) alkate egiteko, ezta Joseba Asiron (EH Bildu) alkate egiteko ere, hiri honek elkarrizketa eta bizikidetza akordioak behar dituelako". PSNren helburua "Iruñea polarizazio politikotik ateratzea” dela dio Saizek.

"PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak EH Bilduk baino babes sozial handiagoa dute", nabarmendu du Saiez prentsuarrekoan, eta hirurek batera alderdi abertzaleak baino mila boto gehiago lortu zituztela gaineratu du. Hori dela eta, Martinez eta Mauleoni dei egingo die "elkarrizketarako, elkarbizitzarako eta aurrerapenerako gobernu bat eraikitzeko, hiria geldialditik aterako duena". "Eskuinaren eta independentismoaren alternatiba gara", nabarmendu du. Halaber,  "Nafarroako Gobernuan ona izaten ari dena Udalera esporta daitekeen formula bat da", defendatu du Saizek. PSNk bost zinegotzi lortu zituen igandeko hauteskundeetan, eta Udaleko hirugarren indarra izan zen, UPNren (bederatzi zinegotzi) eta EH Bilduren (zortzi) atzetik. PPko bi zinegotzik, Geroa Baiko bik eta Zurekin Nafarroako batek osatzen dute udalbatza.

Hautagai sozialistak "UPNren eta PSNren ereduak antagonikoak" direla.
adierazi du eta UPNri babesa ez helaraztearen arrazoien artean Osasun Sailaren kudeaketa eta egindako murrizketak egotzi dizkio Ibarrolari; "murrizketarik gogorrenen arduradunetako bat izan zen, osasun langileak masiboki kaleratuz, landa larrialdiak deseginez edo autobusa Erriberatik kenduz", argudiatu du PSNko alkategaiak. “Ez dira fidatzekoak, ez dira elkarrizketarako gai”, gaineratu du Saizek. Bestalde, EH Bilduren alde ez egitea argudiatzeko Joseba Asironek “egindako inposizioak” baliatu ditu: “haur eskoletan edo udaletxeko plantilla organikoan euskara inposatu zuen eta uztailaren 6an ikurrina udaletxeko balkoian jarri zuen, Foru Erkidegoa ordezkatzen ez duen bandera, alegia". Era berean, “ezin da izan alkate baten proiektu izarra aurrekoak egindakoa desegitea izatea", gaitzetsi du Saizek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!