“Pozik, baikor eta ilusioz” hartu dute Laba Elkarteko kideek foru gobernuaren erabakia, sarri Gazteluko plazan terraza zabaltzeko aukera emanen diena. Baimena joan den irailean elkartea zabaldu bezain pronto eskatu zuten. Udalak behin eta berriz ukatu die. Nafarroako Administrazio Auzitegiak arrazoia eman zien, baina udalak trabak jartzen segitu zuen. Orain, Nafarroako Gobernuak auzitegiaren erabakia betearaziko duela iragarri du.
Labako kide Lander Majueloren aburuz, Navarra Sumak, UPNk, Maia alkateak, Labairu zinegotziak “euskara beste behin ere gatazkarekin lotu nahi izan dute terraza jartzeko erabakiarekin tematuz, baina ahalegin horretan porrot egin dute”. Auziaz lokalaren jabea eta haren abokatua arduratu da. “Ez dugu harreman zuzenik izan udalarekin. Guk jarraitu dugu gure ekimenarekin, proiektuekin eta bazkideekin, eta hori da guri axola zaiguna. Terrazarena oso albiste ona izan da, baina lanean izan gara bitartean, eta lanean segituko dugu”.
Elkarteko kide Yasmine Khrisen arabera, terraza zabaldu ahal izatea “oso albiste ona” izan da. “Guretzat garrantzitsua zen aitortzea gure eskubidea dela aritzea Gazteluko plazan euskaraz, eta Labak hemen ikusgarritasuna edukitzea”, azaldu du. “Ez dakigu noiz ireki ahalko dugun terraza, baina gure eskubideak aitortzea lortu dugu eta oso pozik, ilusionaturik, baikor gaude”, gaineratu du Khrisek.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!