Ostalariek San Fermin egunerako greba deitu dute

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 4a, 20:15

Langileen baldintzak hobetu eta sektorea duinduko duen ostalaritzako hitzarmen baten negoziazioa “blokeatuta” dagoela salatu dute sindikatuek.

UGT, CCOO, ELA eta LAB eta Nafarroako patronala ostalaritzako hitzarmena berritzeko negoziazioak “blokeatuta” daudela salatu dute sindikatuek eta egoera horri aurre egiteko mobilizazioak baita greba ere deitu dute. Mobilizazioak maiatzaren 11an hasiko dira eta greba uztailaren 1ean eta 7ean egingo dute; San Fermin egunarekin bat.  Nafarroan 20.000 langile ingururi eragiten die ostalarien hitzarmenak eta patronalari soldata igoera duinak eta bidezkoak eskatzeko antolatuko dituzte beraz mobilizazioak.

Sindikatuek gaur egindako agerraldian gogoratu dute “zalantzarik gabe” ostalaritza dela pandemian murrizketen ondorioz “gehien sufritu duen sektoreetako bat” eta aldi berean, “laguntza ekonomiko publiko asko” jaso zituztela nabarmendu dute. Hortaz, pandemia ezin dela “soldatak ez igotzeko aitzakia” izan adierazi dute sindikatuek. Halaber, patronalari gogorarazi diote 2021eko urtarrilaren 1erako hitzartuta zegoen % 2ko soldata igoera atzeratu zela azaroan izandako murrizketak amaitu arte.

Sindikatuek adierazi dutenez, “profesionalak erakarriko dituen hitzarmen baten alde egiteko aukera du orain patronalak”, prezioen igoera dela eta langileen erosahalmena mantentzeko eta ordutegiak eta baldintzak hobetzeko. Zehazki, sindikatuen iritziz “baldintza txar” horiek baitira sektorearen langile faltaren arrazoia. UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek 2022tik 2024ra bitartean indarrean egongo den hitzarmen berri bat defendatu dute. “Ez gaude prest sektoreko langileen baldintzak hobetzeari uko egiteko eta gure esku dauden tresna guztiak erabiliko ditugu sektorea duintzeko”, nabarmendu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!