2018. urtean Ibil Bedi sortu zenetik, haien estiloa aldatzen joan direla diote taldekideek. Javi Larrañetaren esanetan, “azken disko honetan asko esperimentatzen saiatu gara, erritmo ezberdinak uztartu ditugu, rocka, elektronika, popa eta bestelakoak”. Ibai Osinagak azaldu du aurreko lanetan jotzen zuten musika garbia, estilo zikinago batekin nahastu nahi izan dutela eta haien konfort eremutik atera. Amaitzeko, diskoaren izenaz galdetu diegu. Goldea lurra iraultzeko erabiltzen da, lur berria lantzeko. Disko honetan melodiak sortzeko, letrak idazteko eta lan egiteko modua beste era batera egin nahi izan dutela esan digu Areta Senosiainek.
Goldea haien azken laneko bi abesti jo dituzte zuzenean. Lehenengoa Norabidearena eta bigarrena, Lokatzarena.