Administrazioarekiko Auzien Iruñeko 2. Epaitegiko titularraren ustez, euskararen erabilera arautzen duen ordenantzan ezarritakoaren arabera, Konstituzio plazaren izena euskaratu egin behar da. "Ez dago hori horrela ez izateko arrazoirik", zehaztu du. Epaia Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan errekurritu daiteke.
Irizpidea ez dator bat Administrazioarekiko Auzien lehenengo epaitegikoarekin. Izena euskaratzearen alde egin zuen Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpen bat ezeztatu zuen, urtarrilean. Konstituzio izen propioa dela ebatzi zuen, eta ezin dela itzuli.
Administrazioarekiko Auzien Iruñeko 2. Epaitegiko epailearen ustez, ordea, pertsonen izen-abizenak dira soilik itzuli ezin daitezkeenak. Konstituzio izen abstraktua dela adierazi du, eta Askatasunaren plazarekin bezala euskaraz izkiriatu behar dela plakan.
Iruñeko Udalak plazaren izena ele bitan ez jartzeko hartutako erabakiaren aurka Joseba Asiron zinegotziak jarritako errekurtsoa baietsi zuen Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpena berretsi du epaileak. Nafarroako hiriburuko Udalak errekurtsoa jarri zuen ebazpenaren aurka. Hor du jatorri bi magistraturen arteko desadostasunak.