Letra larria, gaztelania inposatzeko

Lohizune Amatria Zabalza 2023ko urt. 31a, 10:59

Izen propioa delakoan, Costitutución sustantiboak itzulpenik behar ez duela ebatzi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak: “Constitución izen propioa da, letra larriz hasten delako”.

Constitución izena  eman zion Baluarteko plazari Enrique Maiak zuzendutako Iruñeko Udalak, 2022ko urtarrilean. “Plaza Constitución plaza”, irakurri daiteke Baluarteko txarteldegian esekitako plakan. Letra xeheagoz, berriz: “Constitución española de 1978-1978ko Espainiako Konstituzioa”. Kale errotulazioa ele bitan jartzeko eskaera egin zuen euskalgintzak, baita udal oposizioak ere.

Nafarroako Administrazio Auzitegian helegitea aurkeztu zuen EH Bilduk, euskaratu zezaten. Ekainean, udal gobernu taldearen aurkako epaia eman zuen administrazio auzitegiak, Euskararen Ordenantzan ezarritakoa ez betetzeagatik. Konstituzioa toponimo baten baliokidea zela zioen eskuinaren argudioa baztertu zuen epai hark. Hala ere, udala konforme ez, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan.

Epaileak euskararen erabilera arautzen duen ordenantzaren 8. artikulua aztertu du, eta bide murriztailetik interpretatu du: “Constitución izen propioa da, letra larriz hasten delako beste guztietatik nabarmenduz. Beraz, izena ezin da itzuli, espazio bat bereizten duen eta itzulpenik onartzen ez duen izen propioa baita”.

Epaileak beste ebazpen batzuk aipatzen ditu, zeinen arabera izen propioen kasuan “izendapena ezartzeko ahala duen pertsonak hautatutako izen ofiziala erabili behar den beti. Iturrama edo Buztintxuri izenak jarri ditu adibide epaileak, argudiatuz gaztelaniaz ez direla Fuente de Madre edo Arcilla blanca izendatzen auzoak. Maiteminduen parkea ere aipatzen du, 2011ko ebazpen batek zehaztu baizuen Parque de los Enamorados izen propio bihurtzean “kristalizatua eta mugiezin” izatera igarotzen dela.

Erreakzioak

Administrazio Auzitegiaren ebazpenak erreakzioak eragin ditu sare sozialetan. Erabakia partekatu du Navarra Sumako Cristina Martínez Dawe berdintasun zinegotzi bereziak, Joseba Asiron EH Bilduko udaleko bozeramailea aipatuz. Euskarafobia egotzi dio alderdi subiranistakoak, eta honako hausnarketa utzi du Twitterren: “Euskara ez dakien epaile horrek ez dakiena zera da: euskaldunok, geure eguneroko bizitzan, ez dugula deus itzultzen. Mintzatzen gara gure hizkuntzan, eta kitto. Eta gure hizkuntzan ez dela esaten Constitución plaza”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!