Ana Sarobe (Oneka): “Mila euro baino gutxiago jasotzen du pentsiodunen %44k”

Lohizune Amatria Zabalza 2023ko mar. 13a, 09:43

Iruñeko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioa eginen du eguerdian, Nafarroako hiriburuan. Baraualdi-itxialdia hasi dute, berriz, Bilbon.

Joan den ostegunean, Espainiako Gobernuko PSOEk eta Unidas Podemosek oniritzia eman zioten pentsio-sistemaren erreformen bigarren blokeari. Europako Batzordearekin adostutako erreforma, ostiralean aurkeztu zioten sindikatuei eta patronalari. UGTk eta CCOOk ontzat jo dute; ez, ordea, enpresarien ordezkaritzak.

Aste erabakigarria izanen da pentsioen etorkizunerako, eta Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak hainbat protesta antolatu ditu. Bilbon baraualdi-itxialdia egingo dute gaurtik aurrera, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzeko gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino osa ditzatela. Nafarroan egoera "jasangaitza" dela adierazi du Ana Sarobe Oneka emakume pentsiodunen elkarteko kideak. 

142.000 kotizaziopeko pentsio daude, eta horietatik %44, ez dira hilean mila eurora iristen. Horietatik ia %70 emakumeenak dira, eta pentsio horiuek gizonenak baino %37 txikiagoak dira, batez beste.

Espainiako Gobernuari 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezar dezala eskatuko diote, halaber. Edonola, aldarrikapena "zaharkituta" gelditu dela zehaztu du Sarobek.

Mugimenduak Bilbon duen egoitzan itxiko dira. Baina horrez gain hitzaldiak eta mobilizazioak egingo dituzte. Gaur, esaterako, manifestazioa eginen du Iruñeko pentsiodunen mugimenduak, Iruñean, eguerdian. Larunbatean, berriz, protesta nazionala antolatu dute Bilbon.

Argazkia: Hamaika telebista

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!