Gaur hasi da aurre-matrikulazio epea. Nafarroako 5.200 haurren familiek aurrenekoz aukeratu beharko dute zein ikastetxera eraman haien seme-alaba. Gomendio argi bat egin diete Euskalgintzako hamahiru eragilek batera: “Zerotik aurrera aukeratu euskara”.
“Seme-alaben etorkizuna erabakitzeko garaia da”, ohartarazi du Sortzen elkarteko Aitziber Garmendiak. “Euskaraz ikasten badute, euskara bizi ahal izango dira”, zehaztu du.
Hala ere, nafar herritar guztiek ez dute D eredua hautatzeko aukerarik. Horretaz jakitun da euskalgintza, eta ofizialtasuna galdegin dute beste behin. “Gure seme-alaben hizkuntza eta hezkuntza eskubideak urratuak dira Nafarroako lurralde zabalean. Gure hezkuntza sistemak ez du aukera berdintasuna bermatzen eta adibide ugari jarri genitzake”, zehaztu dute. Interes politikoek indar gehiegi dutela deitoratu du Garmendiak.
Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Sortzen Elkartea, NIZE, HE Gurasoak, LAB, ELA, STEILAS, AEK, IKA, Zonalde Diskriminatutako Gurasoak, Zaldiko Maldiko eta AET eragileek egin dute bat kanpainarekin.