Asteazkenean zabaldu zuen Iruñeko Udalak Labriteko zaldaina. 2016tik izan da itxita, eta legegintzaldi hasieran Enrique Maiaren udal taldeak 24 orduan zabalduko zuela adierazi arren, lau urteren ostean ireki du eta oraindik ezezagunak dira konponketa lanei lotutako xehetasun gehienak. Ikerketa abiatu du EH Bildu udal taldeak, atzean ordainketak zatikatzeko estrategia bat egon daitekelakoan. Obrari lotutako gastuak udalak aitortutakoa baino gehiago direla kalkulatu du alderdiak. 807.000 euro direla esan du udalak; EH Bilduk, ordea, 1,013 milioi euro direla dio. “Horrek %70eko gainkostua dakar”, azaldu du Joseba Asiron bozeramaileak.
Udalaren diru erreklamazioaren aurka aseguru-etxeek aurkeztutako alegazioak aztertu ditu, halaber, taldeak. “434.000 euroko ordainketak egiteko prest daudela baino ez dute esan. Baina gaia are larriagoa da; izan ere, UPNk diru guztia berreskuratzeko adiskidetasunezko akordioa lor zitekeela esaten zuen aseguru-etxe berberek antiekonomikotzat jotzen dute erregionalistek bultzatutako konponketa proiektua”, zehaztu du Asironek.
Denborak arrazoia eman diela uste du, eta egoera juridiko okerrago batean erreklamatuko duela orain udalak gastatutako dirua. Obren kostu erreala ikertzeko batzorde berezi bat eskatu du Iruñeko talde subiranistak, eta datorren legegintzaldian udal gobernuan egonez gero kontu ikuskaritza sakon bat bultzatuko dutela ziurtatu du.