Ezohiko musika jaialdia antolatu du Donibane auzoak. Ezohiko arrazoi batengatik. Bost urte beteko dira aurki Xabi Rey 'Antxo' donibanetarra Puerto de Santa Maria espetxean hil zenetik. Hamar urteko kartzelako infernu baten ondoren, "beheraldi" animiko batek eraman zuen. Baina senide, auzokide eta lagunek gogoan eta bihotzean dute. "Jai giro batean omentzea pentsatu genuen, bostgarren urteurrenean", azaldu du auzoko Ibai Ripodasek.
Laguna gogoan hartuko dute, baina ez hori bakarrik. Azken urteetan auzoan martxan jarritako egitasmo, proiektu eta protestak oroitu nahi dituzte, baita jasandako gainerako errepresio eta oztopoak ere. Ez baitira gutxi.
Atarrabiako Totem aretoan Antxoren lagun taldeak osatutako Zartako, Arkada eta Afu musika taldeak bilduko dituzte Zuregatik Rock jaialdian, bihar. Sarrerak hamar euroan daude salgai.