Erretiro pentsio berrien eros ahalmena ia %8,9 txikiagotu da Nafarroan azken zortzi urteetan. Gizarte Segurantzaren datuen arabera, 2022ko azaroan erretiro pentsio berriak 1.487 eurokoak izan ziren, batez beste, eta 2014an, 1.476 eurokoak. Hala nabarmendu du ELAk, gaur goizean Iruñeko antzerki eskolan egin duen ekitaldian.
Sindikatuko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzaren hitzetan horren arrazoi nagusia Zapaterok onartu eta CCOOk eta UGTk adostutako pentsioen erreforma da. Pedro Sanchezen gobernuak pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen diren urteak 25 izatetik 30 izatera igarotzeko asmoa duela ohartarazi du, eta horrek pentsio berriak murriztea ekarriko duela.
Zerbitzu publikoekin gertatzen ari denaren inguruan ere kezka du sindikatuak. Osasunbideko grebak hartu ditu hizpide idazkari nagusiak, eta gobernuak egin duen kudeaketa kritikatu du.
Bizi den probretzearearen adierazle dira horiek, haren iritziz; eta horren aurrean langileak mobilizatzera eta greba egitera deitu ditu ELAko idazkari nagusiak. Gaur haren atzean hamarnaka sindikalistak egin dute protesta, Iruñeko udaletxearen aurrean.