Asiron: “Maiaren zaldainako argazkia 1,4 milioi euro kosta zaigu iruindarroi”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko ots. 23a, 07:31

Joseba Asiron, Iruñeko Udaleko prentsa aretoan, artxiboko irudi batean.

Labriten “ezkutuko inaugurazio ekitaldi bat” egin dutela salatu du EH Bilduko eledunak

Enrique Maia alkatea buru zuela, Navarra Sumaren Iruñeko udal aginte taldeak bisita egin zuen atzo Labriteko zaldainetako obra amaitu berrietara. EH Bilduko eledun Joseba Asironen aburuz, alta, “ez da izan gainontzeko taldeek duela hilabete eskatzen genuen bisita baizik eta nolabaiteko ezkutuko irekiera ekitaldi bat”.

Asironen arabera, Maiak Labriteko zaldainean atera duen argazkia “lotsaren argazkia” izan da; izan ere, “Iruñeko herritarrek jakin behar dute argazki hori 1,4 miloi euro kostatu zaigula iruindar guztioi, bere garaian zaldaina bera eraikitzea kostatu zenaren halako bi”.

Joseba Asiron alkate izan zelarik, Enrique Maiak leporatu zion zaldaina ez berrirekitzea arrazoi politikoengatik, eta txosten faltsuak erabiltzea erabaki hori justifikatzeko. “Maiak zaldaina 24 orduan ireki zitekeela zioen, baina denborak eta errealitateak erakutsi dute txostenek egia ziotela”, bistan baita denbora eta diru asko behar izan direla pasabidea berrireki ahal izateko.

“Maia jauna pertsonalki eta politikoki tematu da hilzorian zegoen zaldaina bat berpizten. Ondorioa: zaldaina martxan dagoela bai, baina ordaindu genuenaren halako bi ordaindu behar dugu horretarako”, salatu du Asironek. Amaitzeko, analogia bat erabili du gertaturikoa azaltzeko: “Maia jaunak txikituta zegoen auto zahar bat erosi du, berria zelarik kosta zenaren halako bi ordainduta”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!