Labriteko zaldaina berriz zabalik

Euskalerria Irratia 2023ko ots. 22a, 12:02

  • 2016an itxi behar izan zuten 2010ean UPNk eraikitako zubia, egiturazko arazoengatik.
  • 1,4 milioi euro gastatu ditu udalak konponketan, zaldainaren kostuaren bikoitza.
  • Oposizioak ez du parte hartu irekiera ekitaldian, "propaganda ariketa" leporatuz UPNri.

2016ko otsailean Labriteko zaldainaren xafla batzuk askatu eta errepidera erori ziren. Orduz geroztik, itxita izan da Alde Zaharra eta Bigarren Zabalgunea lotzen dituen pasabidea. EH Bilduko Joseba Asiron alkate zelarik egindako txosten teknikoek, zaldainaren egiturazko arazo larriak argitara atera zituzten. Zaldaina eraitsi behar zela ebatzi zuten, eta eraiki zuen enpresari kalte ordainak eta lan horiek ordaintzea eskatu behar zitzaizkiola. Auzi teknikoa zena, baina, Navarra Sumak alor politikora eraman du. Zaldaina bere horretan mantentzea Asironen kontrako ikur egin dute. Enrique Maiak, alkatetzara itzulita, txosten tekniko berriak eskatu zituen, zaldaina konpondu zitekeela esan zuen bat topatu arte.

Zaldainaren konponketa lanek luze jo dute, eta behin ta berriz iragarri dute pasarelaren irekiera. Behin ta berriz atzeratu dute, gerora. Navarra Sumako aginte taldeak 1,4 milioi euro gastatu ditu txosten tekniko berrietan eta konpontze lanetan, zaldaina eraiki zuen enpresari ezer eskatu gabe.

Zazpi urteren ostean, zaldaina berriz ere ireki dute, eta lehendabiziko iruindarrek zeharkatu dute dagoeneko. "Bazen garaia", esan du Enrique Maia alkateak. "Orain Udaleko alor juridikoak beharrezkoak diren neurriak eta pausuak emanen ditu, gastatutako dirua berreskuratzeko", zehaztu du.

Oposizioak planto egin dio irekierari

2016tik itxita egon den zaldainaren irekieran ez dira udalbatzaren gehiengoa osatzen duten EH Bildu, PSN eta Geroa Baiko zinegotziak izan. "Gaurkoa lotsaren argazkia izan da", salatu du EH Bilduko Joseba Asironek. "Etengabe ukatu zaigu zinegotzioi zaldaina bisitatzea eta konponketa lanen gaineko informazioa eta gaur inaugurazioaren argazkia bilatu nahi izan dute". Hauteskunde asmoak ikusi ditu PSNk ere gaurko irekieran. "Ez dugu Navarra Sumaren diru xahutze eta aldebakartasunaren festan parte hartu nahi izan", azaldu dute ohar bidez.

"Gastatutako diruaren fiskalizazioa eta egindako lanen gaineko ikerketa ez da amaitzen zaldainaren irkeierarkein", gaineratu du EH Bilduk, "orain xahututako dirua berreskuratzeko borrokatu beharko da, herritarrek eskuinaren nahi eta obsesioak ordaindu behar ez ditzaten".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!