Adinekoentzako elkarlaneko etxebizitzak eraikiko dituzte Txantrean

Euskalerria Irratia 2023ko ots. 21a, 11:06

Proiektua kudeatuko duen erakundea aukeratzeko lehiaketa eginen du datozen egunotan Nafarroako Gobernuak.

Hamabost urte barru biztanleriaren laurden bat 65 urtetik gorakoa izango dela kalkulatzen da, eta 70.000 pertsona inguru 80 urtetik gorakoak izango direla. Errealitate bat da biztanleriaren zahartzea, egun 41.000 pertsona direlako. Zahartze hori “aktiboa, osasungarria, autonomoa eta duina” izan dadin, Eskubide Sozialen Departamentuak adinekoentzako elkarlaneko etxebizitza proiektu bat bultzatuko du.

Iruñeko Udalak utzitako Alemanen eremuko lursail batean eraikiko dute bizitokia. Hogei eta 30 apartamentu inguru izanen ditu eraikinak, baita elkarrekin otorduak egiteko gune bat, elkarbizitzarako eta jarduerak sortzeko hainbat areto balioanitz, lorategia eta arreta soziosanitariorako gela edo gune bat ere. Egoiliarrek berek antolatuko dute espazioa eta zerbitzu komun horien erabilera, autokudeaketarako metodo parte-hartzaileen bidez. 

Kudeaketa, berriz, irabazi-asmorik gabeko erakunde batek gauzatuko du. Datozen egunetan, argitaratuko du Nafarroako Gobernuak erakundea hautatzeko deialdia. Gehienez ere 75 urterako kudeaketa baimena jasoko du aukeratua den taldeak.
Mari Carmen Maeztu kontseilariak azpimarratu duenez, esperientzia horrek funtsezko jarduera-ildo bat ezarriko du mendekotasunaren prebentzioaren arloan, “pertsonen autonomia lehenesten duen, prebenitzen duen eta pertsonen zaintza errazten duen eredu baten bidez”.

Jose Mari Aierdi lehendakariordeak azaldu duenez, berriz, Nasuvinsa sozietate publikoak laguntza teknikoa eman du azalera lagatzeko deialdiaren plegua egiteko, “premia horietara egokitzen den eraikuntzaren eta etxebizitza espezifikoaren tipologia zein izan behar den zehazteko”.

"Bakardadean ez bizitzeko alternatibak"

Etxekonak Bat eta Etxekide kooperatibek 2021ko abenduan egin zioten halako proiektu bat sortzeko eskaera gobernuari. Txantrean eta Sanduzelain bi orube lehiaketa publikora ateratzeko eskatu zioten Iruñeko Udalari, 50 eta 70 urte bitartekoentzako elkarlanerako bizitokiak eraikitzeko. Koobizitza etxebizitza kooperatiben sareak biltzen ditu Nafarroako eta Errioxako etxebizitza elkarbizitza proiektuak. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!