Biharko greba mugagabera deitu ditu osasun profesionalak Medikuen Sindikatu ultrakontserbadoreak; eta negoziazioaren baitan, medikuen esklusibotasuna ezabatzearen alde azaldu da orain arte Osasun departamentua, medikuen elkarteak eskatu bezala. Hau da, soldata jaitsierarik gabe osasun publikoan aritzen diren profesionalei pribatuan aritzeko aukera emateko prest zegoen Santos Indurainen saila.
Zegoen, azken proposamenean jarrera aldatu baitu. Osasungintzako eragile, sindikatu eta alderdi politikoekin bildu ondoren hartu du erabakia. Osasun Publikoaren Defentsarako Elkartea izan da kontra egin dion eragileetako bat. “Osasun departamentuak herritarren, alderdien eta sindikatuen aurka egitea ez genukeen ulertuko”, azaldu du Lazaro Elizalde kideak. “Guk uste dugu esklusibotasuna ezabatzea ez dela mesedegarria osasun sistema publikorako. Beraz, jarrera mantentzen badu onurak ekarriko ditu”.
Hain zuzen ere, osasun-zentroetan ematen den arreta hobetzeko, Osasun Publikoaren Defentsarako Elkarteak bederatzi neurri proposatu dizkio departamentuari, epe laburrean aplikatzeko. Osasun-zentro bakoitzak paziente larrien arretaren jarraitutasuna bermatuko duten mekanismoak zehaztea eskatzen dute, lanpostu berriak egonkortzea, kontsulten kopurua murriztea eta osasun etxe bakoitzak autonomia bereganatzea. Bestalde, azpimarratu dute beharrezkoa dela Administrazioak herritarrei zuzendutako komunikazio-kanpaina bat egitea, Lehen Mailako Arretaren eta bertako profesionalen balioa indartzeko.