Esklusibotasuna erabat kentzearen kontrako ahots asko topatu ditu Osasun Departamentuak, eta atzera egitera behartu ditu horrek. Medikuen Sindikatuak eskatu bezala esklusibotasuna kentzeari baietz esan dio Osasun departamentuak, atzo goizean bidalitako azken proposamenean. Baina bateraezintasuna kendu gabe. Hau da, medikuarena ez den gainerako edozein jarduera pribatutan aritzeko aukera izanen lukete osasun profesionalek. "Denda bat zabaldu, taberna bat, aholkularitza eman…", azaldu du Carlos Artundo zuzendari nagusiak.
Ez da sindikatuak nahi duena, baina akordio zabalak bilatu nahi dituztela zehaztu du Osasun departamentuko ordezkariak, eta erdibideko urratsa proposatu dio medikuen elkarte ultrakontserbadoreari. Bihar da hastekoa greba mugagabea, eta gaur elkartuko dira berriro. Eskaintza "handinahia" jarri du departamentuak mahai gainean, zuzendari nagusiaren iritziz. "Erakargarriagoa" egin nahi dute osasun sistema, "lehiakortasuna irabazteko".
Proposamenaren arabera, mediku bakoitzak 32 paziente artatu ahalko lituzke gehienez, eta hortik gora bere esku egongo litzateke gehiago hartzea. Hamabi mintukoak izanen lirateke kontsultak. Mediku egoitza maiatzean bukatzen dutenei lan eskaintza pertsonalizatuak eginen zaizkie, eta lehen arreta osatzeko kontratazioak eginen dituzte.
Soldaten igoera ere jaso dute proposamenean: 400 euro hilean, 14 pagetan. Aurrekontu moldaketa beharko luke honek, eta hori aste honetan tramitatu beharko litzatekeela ohartarazi dute, hauteskundeen aurretik egin ahal izateko.