Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! lelopean manifestazioa eginen du GKSk, larunbatean. “Ezinegon ekonomikoa ez gara denak berdin sufritzen ari, eta langileok pairatzen ditugu eragin bortitzenak”, azaldu du Edurne Abaigar kideak.
GKSrentzat ez da “gertakari neutral bat”: “Enpresari handien eta agintarien erasoaldia da”. Eta geratzeko iritsi dela ohartarazi dute: “Kapitalismoaren ziklo ekonomiko berri batean sartu gara, paradigma kapitalista berri batean, eta paradigma berri horretan langileon pobrezia eta eskubideen ezabapena ez dira salbuespenak, normaltasun berria baizik”.
Egoeraren aurrean, kalera ateratzera deitu dituzte herritarrak. “Mobilizazio batek ez du enpresarien erasoaldia geldituko, baina gazteon arteko antolakuntza eta borrokarako grina hedatzeko erabili behar dugu”, azaldu dute.