Espainiako Barne ministerioak Aingeru Zudaire atarrabiarrari kalte ordaina emanen dio Espainiako Poliziak jaurtitako pilotakada batek begibakar utzi ostean. Ohikoa da Nafarroan manifestazioak eta protestak kargekin desegitea poliziak. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, gomazko balak erabiltzen ditu horretarako. Foruzaingoak, berriz, foam jaurtigailuak 2016tik. Ez da hori irtenbidea, ordea, Aingeru Zudaireren iritziz, horiek ere arriskutsuak direlako. Legean hutsune bat dagoela dio.
2012an kolpatu zuen Espainiako Poliziak atarrabiarra, greba orokor batean izandako mobilizazioetan, eta begi bakar utzi zuten. Hamar urte eman ditu erantzuleen bila, eta berriki Auzitegi Nazionalak 100.000 euroko kalte ordaina emateko agindu dio Espainiako barne ministerioari, egindako oinazeagatik. Pozik azaldu da epaiarekin Zudaire.
Erabat baldintzatu du kolpe hark Zudaireren bizitza. Egun ezin ditu egin lehen egiten zituenak. Hiru aldiz egin diote ebakuntza, laugarren baten zain dago; eta psikologikoki ere oraindik sumatzen du oinazea. Bide judiziala amaituta, orain, gomazko pilotak debekatzeko balio izatea espero du. Erabakimena Madrilen dago, egun, Mozal legearen aldaketa eztabaidatzen ari dira. Gai kritikoa dela azaldu du Zudairek, eta itxaropena du, nahiz eta zaila izan, azkenean debekatuko dituztela.